Image Alt
<Las últimas noticias y novedades de la conferencia/>

Actualidad

Pedro Sanchez Conferencia Change The Change

Pedro Sánchez presidenteak bat egin du Change the Change Konferentziarekin, klima-aldaketari buruzko hasierako hitzaldi batez

Donostiako Nazioarteko Konferentzia aditu nagusietako batzuen topagunea izango da, martxoaren 6tik 8ra. 600 bisitari espero dira, 50 adituren hitzaldietan. Hainbat gairi buruzko zortzi panel egongo dira, ekonomia, zientzia, energia, kultura eta meteorologiaren alorreko adituekin, eta Europako sei eskualdetako ingurumen ministroak ere bertaratuko dira. Ostiralerako –martxoak 8- saio berezi bat antolatu da, klima-aldaketaren aurkako borroka gidatzen duten emakumeek soilik protagonizatuta. Jardunaldia laburtu egin da, mobilizazio feministekin bat egiteko.

Klima-aldaketari buruz Europan aurten egingo diren ekitaldi nagusietako bat martxoaren 6an hasiko da, Donostian, ‘Change the Change’ izenburuarekin. Euskal hiriak hiru egunez hartuko duen Nazioarteko Konferentzia honi espainiar Gobernuko presidente Pedro Sánchez atxiki zaio, zeren ekitaldiaren hasieran parte hartuko baitu, erronka global horri buruzko hitzaldi batez.

Saio horretan, beraren ondoan egongo dira Nicholas Stern, klima-aldaketak munduko ekonomian dituen ondorioak ondoen ezagutzen dituen adituetako bat, Iberdrolako presidente Ignacio S. Galán, eta Konferentziaren anfitrioia: Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza sailburu Iñaki Arriola.

Nazio Batuen Erakundearen ‘Momentum for Change’ ekimenean kokatuta, eta Parisko Akordioaren ildotik, Konferentziak 600 bisitari baino gehiago bilduko ditu Donostiako Kursaal jauregian, martxoaren 6tik 8ra, 50 adituren hitzaldien inguruan. Askotariko sektoreetatik datoz: enpresa, tokiko administrazioa, unibertsitatea, zentro teknologikoak, ikerkuntza-zentroak, GKEak eta gizarte-erakundeak.

Programa 8 bloketan sailkatu da, gai hauek jorratzeko: planetaren osasuna, eskualdeen rola, hiri-ingurunea, jasangarritasuna, trantsizio energetikoa, ekonomia, hezkuntza eta emakumeen lidergoa.

Gai orokor horiez gain, fenomeno global horrek toki mailan sortzen dituen arazoak ere azpimarratu nahi dira. Horregatik, hizlarien artean Europako sei eskualdetako ingurumen-ministroak egongo dira (Danimarkako Erdialdea, Lonbardia, Eskozia, Balearrak, Baden-Württenberg eta Euskadi), eta baita Lovaina (Belgika) eta Sevillako alkateak ere, beste batzuen artean. Horiek guztiek martxoaren 6an –asteazkena- hitz egingo dute, eta haiekin batera Manola Brunet, Uxua López Flamarique eta Ana Payo zientzialariek ere, azken bi horiek ‘Planetako heroiak’ deritzan kategorian.

Martxoaren 7ko hizlarien artean, askotariko aditu ospetsuak egongo dira. Jasangarritasunaren alorreko adituak, hala nola Rebeca Grynspan edo Europako komisario izandako Connie Hedegaard; ekonomia edo energiaren alorreko adituak; Cristina Iglesias artista, edo Andoni Aduriz eta Ángel León chefak. Halaber, tarte bat egongo da hezkuntzaz eta migrazio-mugimenduez hitz egiteko.

Saio berezia martxoaren 8an

Martxoaren 8rako saio berezi bat antolatu da, klima-aldaketaren aurkako borroka gidatzen duten emakumeek soilik protagonizatuta. Azpimarratzekoa da itxierako saioan Bunny McDiarmid egongo dela, Greenpeace Internationaleko zuzendaritzakide exekutiboa, baita Sylvia Earle ere, National Geographiceko ozeanografoa eta Gogaidetasunaren 2018ko Asturiasko Printzesa sariduna.

Egun horretan, gainera, klima-aldaketaren aurkako borroka gidatzen ari diren emakumeak era arituko dira, hala nola Paula Caballero, Hondurasko Laura Zúñiga Cáceres ekintzailea –Berta Cáceresen alaba- edo Leyla Acaroglu diseinugile australiarra. Hitzaldi guztien aurkezlea Silvia Intxaurrondo kazetaria izango da.

Ostiraleko jardunaldia laburtu egin da azkenean, martxoaren 8ko mobilizazio feministak sostengatzeko eta bertara joatea errazteko.

Euskadiko Klimaren Lehenengo Astea

Konferentziaren antolatzaileak Espainiako Gobernua, Eusko Jaurlaritza, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Donostiako Udala dira.

Gainera, Euskadiko Klima Aldaketaren lehenengo Astearen Asteklima– ekitaldi zentrala izango da. Berau martxoaren 1etik 10era egingo da, eta beraren asmoa izango da herritarrak fenomeno horren garrantziaz kontzientziatzea, 49 euskal herritan gauzatuko diren ehun bat jarduerarekin. Helburua da herritarrak konpromiso pertsonalerantz mobilizatzea, klima-aldaketaren aurrean, premisa batez: ekintza orok, txikia izan arren, badu bere eragina.