Image Alt
<Las últimas noticias y novedades de la conferencia/>

Actualidad

Carmen Becerril Change the Change

“Ekologiarik gabe ez dago ekonomiarik”, adierazi dute ekonomialariek Change the Change konferentzian

Ospe handiko hainbat adituk esan dute, Donostian, trantsizio energetikoa negozio eta etorkizunerako aukera bat dela.

Hezkuntzaren alorrean, benetako eraldaketa pertsona bakoitzaren aldetik etorriko da. Hainbat gai elkartu dira: eremu guztiak inplikatu behar dira ‘aldaketa aldatzeko’.

“Azken zazpi urteetan, energia garbien iraultza bat gertatu da”, adierazi du Change the Changen Gonzalo Sáenz de Mierak, Iberdrolako Klima Aldaketako zuzendariak. Konferentziak klima-aldaketaren gaiari heldu dio trantsizio energetikoaren ikuspuntutik. Adituek esan dute prozesu hori gero eta errealagoa dela eta aukera bat dakarrela berekin. Horren ondorioz, lehen pentsaezinak ziren eszenario batzuk sortu dira: “Iberdrolatik ikusten dugu berriztagarriekin eta bateriekin oraingo sektore energetikoaren % 80 deskarbonizatu daitekeela”, adierazi du Sáenz de Mierak. Horrek, gainera, “ez gaitu eramango energia garestiago batera, baizik eta seguruagoa eta eskuragarriagoa den energia batera.

Energiaren Merkatu Iberikoaren Operadorearen presidenteorde Carmen Becerrilek gogoeta bat plazaratu du, alegia, trantsizio energetikoa “aukera handi bat dela, baita klima-aldaketarik ez balego ere”. Beraren esanetan, “hainbat hamarkadaz energiaren sektoreak kanpo-mendetasunaren arazoa izan du planteatuta, eta eraldaketa horrek “baliabide autoktonoen aprobetxamendura” eramango lituzke lurraldeak.

Ekonomiari dagokionez –Konferentzian jorratu nahi izan den beste eremu bat da-, BBVAko Negozio Arduratsuko zuzendari global Antoni Ballabrigak esan du “errentagarritasuna/arriskua binomioa ez dela balio duen bakarra”. Bai Ballabrigaren ustez eta bai INGko Handizkako Bankako zuzendari Isabel Fernández-Niemannen ustez, beharrezkoa da kreditu-zorroak Parisko Akordioarekin uztartzea: “horrek esan nahi du ikusi behar dugula zer aldaketa teknologiko egin behar den sektore bakoitzean. Bankuen agendak Parisko Akordioak beharrezkoa duen bidetik joan behar du. Hala, gero eta neurri handiagoan, bestelako teknologiak erabiltzen dituen beste konpainia batek baino erantzun hobea izan beharko genuke”.

ECODES Fundazioaren zuzendari eragile Víctor Viñualesek ideia horri eutsi dio, eta gogora ekarri du orain dela urte batzuk inbertsio sozialki arduratsuak sustatzen zituzten finantza-erakundeak “printzipio onek gidatuta jarduten zutela, eta, gainera, arriskuak hartzen zituztela euren gain”: “Orain, arriskuak benetan hartzen dituena da erregai fosilen ekonomiaren alde egiteak dakartzan arriskuak –zuhurtziarik gabe- bere egiten ez dituena”.

Eusko Jaurlaritzako Natura Ondare eta Klima Aldaketa zuzendari aitor Zuluetak, Etxebizitza sailburuorde Pedro Jaureguik, Klima Aldaketaren Espainiar Bulegoko Francisco Herasek, ACNURen Espainiako ordezkari Francesca Friz-Prgudak eta beste pertsona ospetsu batzuek klima-aldaketa aztertu dute hezkuntza, kultura eta gizartearen ikuspegietatik. Gai horri dagokionez, Manuel Pulgar-Vidal Peruko Ingurumen ministro ohi eta gaur WWF Internationaleko Klima eta Energia saileko oraingo buruak azpimarratu du “funtsezko une batean gaudela”, zientziak frogatu baitu “gradu erdi bakoitzak baduela bere garrantzia”: “Orain arte egin duguna ona izan da, baina ez aski”.

Pulgar-Vidalek ohartarazi du tenperatuaren igoeraz: “Ez genuen bete 1,5º ez igotzeko promesa; 3º igotzeak ondorio hondagarriak izango ditu”. Esan du, halaber, jokabide aldaketa ez dela “gobernuen kontua soilik, baizik eta baita herritarrena ere”. Eltiempo.es-eko Atmosferaren Fisikako doktore Mar Gómezek nabarmendu du pertsonak inplikatzeak duen garrantzia, eta baita klima-aldaketari buruz informatzeak duen garrantzia ere. “Kontatu egin behar zaie, transmititu, arazoaren parte ez ezik konponbidearen parte ere badirela konturatu daitezen”.

Sukaldeko ekologia

Andoni Luis Aduriz eta Ángel Leónek, ‘planetako heroiek’, problematikak eta irtenbideak azaldu dituzte chef gisa izan dituzten bizipenetatik abiatuta. Hondakinei dagokienez, Adurizek plastikoaren arazoa ekarri du gogora, itsasoak “botatzen zaion guztia itzultzen duela” esanez. Ángel Leónek, -‘itsasoko chefak’- kontatu du hainbat eta hainbat kilo arrain botatzen zituela, kontsumorako nahi ez zirelako, bere aitarekin arrantzan aritzen zenean: “Badirudi zapo, legatz eta otarrainxkak soilik existitzen diren mundu batean bizi garela. Kulturalki, gauza batzuk jatea eta beste batzuk ez jatea irakatsi ziguten”. Leónek espezie berrien platerak prestatzen ditu, arrastez arrantzatzen diren espezie guztiak ez baztertzeko eta aprobetxamendu handiagoa sustatzeko.