
Adituek klima-aldaketaren aurkako erabakiak hartzeko prozesuan parte hartzera gonbidatu dituzte herritarrak Change the Change konferentzian
Konferentziaren bigarren egunean, Rebeca Grynspan-en tankerako pertsona ospetsuek berriro azpimarratu dituzte berotze globalaren ondorioak: “Latinoamerikan, 80 eta 180 milioi pertsona bitartean egon litezke desertifikazioaren ondorioak pairatzen”.
Urte osoan gai honen inguruan egindako ekitaldirik garrantzitsuenetako bat da hau eta nazioarteko lehen mailako adituak bilduko ditu Donostian, bihar arte, hots, martxoaren 8ra arte.
‘Change the Change’, Donostian egiten ari den klima-aldaketari buruzko nazioarteko konferentziak, hainbat pertsona ospetsu hartu ditu bigarren egunean, Rebeca Grynspan esaterako, Latinoamerikako Idazkaritza Nagusiko (SEGIB) idazkari nagusia eta Ingurumenerako eta Garapenerako Nazioarteko Institutuaren Administrazio Kontseiluko presidentea dena. Hala, iraunkortasunaren ikuspegitik landu dute arazoa.
Adituek etorkizunean jarri dute jomuga. Latinoamerikaren erronken inguruan aritu da Grynspan, Latinoamerika Europa baino ahulagoa baita klima-aldaketaren aurrean: “80 eta 180 milioi pertsona bitartean egon litezke desertifikazioaren ondorioak pairatzen” eta gainera, “itsas-mailaren igoerak hiriburu gehienak kaltetuko lituzke”. Costa Ricako presidente ohiak arazoa “jendeari hurbildu behar zaiola” adierazi du panel honetan, “haiei ere eragiten diela ikus dezaten”. “Ez ditugu espazioak elkarrizketa horretan parte hartzeko irekitzen”, baieztatu du. “Gizarte osoari luzatu behar diogu gonbita, guztiok batera erantzunak bilatzeko”.
Natalia Vera, Garapen Iraunkorraren aldeko Eskualdeko Gobernuen Sareko (nrg4SD) idazkari nagusia, bat etorri da Grynspan-ekin. Nazio Batuen Erakundearen Garapen Iraunkorrerako Helburuen leloa da “Ez utzi inor atzean” eta Veraren ustez, herritarren parte-hartzea horretan datza: “Gauza ez da herri administrazioei deitzea, haiek ere haien erantzukizuna haien gain hartu behar badute ere; norberak bere zatia egin behar du eta maila anitzeko lankidetza egon behar da, zeharkako parte-hartzearekin”.
Gobernantza Publikoaren “Globernance” Institutuko zuzendaria den Daniel Innerarity-k ere parte hartu du panelean eta “gure gizarteak arduragabekeria osoz etorkizuna kontsumitzen ari direla” azaldu du. Berehalako beharrizanei garrantzia kentzeko eta helburuz aldatzeko beharrizanaren inguruko hausnarketa ere egin du: “Erlatiboki egonkorra zen mundu batean bizi ginen lehen, iraganeko esperientzietatik ikasiz, baina orain teknologian oinarritutako mundu azeleratu batean bizi gara eta etorkizunetik ikasi behar dugu”, ondorioztatu du.
Marian Elorzak, Eusko Jaurlaritzako Kanpo Ekintzako idazkari nagusiak, energia garbien aldeko apustua egiteaz gain, baliabideak erabiltzeko orduan gizartea barne hartzea ere garrantzitsua dela adierazi du: “Eraginkortasun energetikoa lortzeko ohiturak barneratu behar ditugu, behar dugun energia kontsumitu behar dugu, eta ez behar duguna baino gehiago”. Cristina Gallach-ek, Kanpo Arazoetako Ministerioaren 2030eko agendarako goi-komisarioak, aldaketa-prozesuetarako laguntza eman behar dela ohartarazi du: “Ahulenek ingurumen trantsizioaren faktura ordainduko dutela uste badute, beldurra sortuko da, logikoa den bezala”.
“Ahulenak dira kaltetuenak”
Panelaren ostean, Rebeca Grynspan-ek eta Manuel Pulgar-Vidal-ek, Peruko Ingurumen ministroa eta gaur egun WWF International-eko Klima eta Energia burua denak, prentsaurrekoa eskaini dute, biek batera. “Klima-aldaketa ekonomia eta gizartea kaltetzen ari da eta batez ere biztanle ahulenak kaltetzen ditu”, azaldu du Grynspan-ek. Horrela, Latinoamerikako gizartean dagoen berdintasunik ezarekin lotu du aldaketa: “Hondamendi naturalek biztanlerik ahulenak kaltetzen dituzte gehien. Hondamendi horiek ez dira naturalak izaten, sozialak baizik, berdintasunik ezaren mapa islatzen baitute”.
Bestalde, Pulgar-Vidalek “momentu garrantzitsuan gaudela” azpimarratu du, zientziak “gradu erdi bakoitza garrantzitsua dela” erakutsi baitigu. “Orain arte egindako guztia ondo dago, baina ez da nahikoa”. Tenperatura-igoeraren inguruko ohartarazpenak egin ditu: “Ez gara tenperatura 1,5 gradu ez igotzeko promesa betetzen ari eta 3 gradu igotzen bada, ondorioak ikaragarri txarrak izango dira”. Hark ere adierazi du jarrera-aldaketa “ez dela gobernuen ardura bakarrik, herritarrena ere delako”.
Saio berezi batean, Artingenium-eko zuzendaria den Lourdes Fernández-ek Cristina Iglesias eskultore donostiarrak artea eta klima-aldaketa bateratzeko egindako lana azaldu du. Iglesiasek elementu naturalak erabiltzen ditu bere piezak sortzeko, esate baterako, ekosistemarekin fusionatu diren itsaspeko egiturak, espezieen babesleku bilakatu direnak. “Artea babesleku modura erabiltzeko ideia, gizakiarentzako zein espezieentzako babesleku modura erabiltzekoa, horixe izan da beti Cristina Iglesiasen lanaren ideia nagusia”, gailendu du Lourdes Fernándezek.