
600 adituk baino gehiagok klima-aldaketari aurre egiteko konpromisoa erakutsi dute Euskadin
Gaur hasi da klima-aldaketari buruzko nazioarteko konferentzia, Change the Change izenekoa. Konferentziari hasiera emateko saioan parte hartu dute Pedro Sánchez Espainiako gobernuko presidenteak, Iñigo Urkullu lehendakariak eta Iñaki Arriola Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburuak.
Urte osoan gai honen inguruan egindako ekitaldirik garrantzitsuenetako bat da hau eta nazioarteko lehen mailako adituak bilduko ditu Donostian, martxoaren 8ra bitartean.
Aurten Europan klima-aldaketaren inguruan antolatutako ekitaldi garrantzitsuenetako bat hasi da gaur Donostian, “Change the Change’“ izenburupean. Euskal hiri horrek hiru egunez hartuko du Nazioarteko Konferentzia eta klima-aldaketaren arloko nazioarteko lehen mailako hizlariak entzuteko edukiera osoa betetzea lortu da. Konferentziari hasiera emateko saioan gonbidatzailea bera, hots, Iñaki Arriola Ingurumen, Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburua, Iñigo Urkullu lehendakaria eta Pedro Sánchez Espainiako gobernuko presidentea egon dira. Nicholas Stern ekonomista britainiar ospetsua, Ignacio Galán Iberdrolako presidentea eta Teresa Ribera Trantsizio Ekologikorako ministroa izan dira konferentziaren lehen panelean parte hartu duten hizlariak.
Arriola sailburuak Euskadik mundu mailako erronka honetara batzeko duen borondatea azpimarratuz hasi du irekiera ekitaldia eta haren esanetan, klima-aldaketa “jada ez da teoria bat, begien bistako gauza baizik”. Auziaren muina “aldaketa bera eta hura sortzen duena aldatzean” datzala azpimarratu du sailburuak.
Sailburuaren ostean Urkullu lehendakariak hartu du hitza eta “klima-aldaketarako joera aldatzea premiazkoa dela” azpimarratu du. Euskadik hartutako konpromisoaren adibide modura jarri du KLIMA 2050 estrategia. Estrategia horren bitartez, Eusko Jaurlaritzak “karbono-isurpenak murriztea” proposatzen du, “isurpen horiek berriz xurgatzen diren arte”, eta horrez gain “lurraldearen erresilientzia areagotzea” ere proposatzen du.
Irekiera instituzionalari amaiera emateko, Pedro Sánchez presidenteak azpimarratu du “klima-aldaketa aldatzeaz gain, guk geuk klima-aldaketaren inguruan dugun pertzepzioa ere aldatu behar dugula. Kontzientzia gehiago hartu behar dugu. Hau ez da borroka ideologikoa, zientziaren aldeko borroka baizik”. Sánchezek pertsona guztiek klima-aldaketari aurre egiteko duten erantzukizunean zentratu du bere hitzaldia eta haren ustez, borroka “ekonomiarentzako aukera-iturria ere izango litzateke”.
Gauzak horrela, klima-aldaketa “guztioi eragiten digun konpromiso ekologiko eta globala” da, presidentearen esanetan. Azken finean, “2050erako isurpenik gabeko ekonomia lortzea gure herrialdearen agendaren muinean dagoela” da Sánchezen ondorioa.
Nicholas Stern klima-aldaketak munduko ekonomian duen eraginaren inguruko aditurik garrantzitsuenetakoa da eta berak egina da “Stern txostena”. Ekonomiaren nazioarteko ikuspegia eman du konferentzian, eta horrek klima-aldaketan duen eragina azaldu du. “Datozen 20 urteetan klima-aldaketaren arloan egiten duguna erabakigarria izango dela” ohartarazi du. “XXI. mendean izandako hazkundearen historia sendoa, iraunkorra eta inklusiboa izan behar dela” adierazi du.
Ekonomistak ohartarazi duenez, “klima-aldaketa arrisku bat da biztanleriaren zati handi batentzat”. Datu batzuk eman ditu, esate baterako ezin gehiagoko beroarekin bizi den biztanle kopurua % 14koa izatetik % 37koa izatera pasatuko dela, edota bero-boladak eta lehorteak bikoiztu egingo direla. “Bi graduko tenperatura-igoera biziki arriskutsua da, ezin dugu hiru gradukoa izatea ahalbidetu”, azaldu du. Stern-en arabera, “karbono askoko produktuen eta zerbitzuen eskaera murriztea” da irtenbidea. Geroago hedabideekin egon da Stern eta berriro azpimarratu du sistema iraunkorrak sortzearen garrantzia. Sistema horiek, gainera, enplegua, inbertsio ekologikoa eta herrialdeen bilakaera sustatu beharko lituzkete, aldaketarantz egiteko. Ekonomistaren iritziz, “jarrera negazionistak ere ezingo du aurrerapena gelditu”.
Ignacio Galán Iberdrolako presidente eta kontseilari delegatuak “eredu energetikoan aldaketa gertatzeko beharrizanaren aurrean esfortzuak batzeko” gonbita luzatu du eta enpresak eraldaketa hori sustatzeko egindakoa azpimarratu du. “Espainian egin beharreko inbertsioa bultzatuko dugu. 2022ra bitartean 8.000 milioi euro bideratuko ditugu trantsizio energetikoaren buruan egoten jarraitzeko eta horrekin 20.000 lanpostu baino gehiago sortuko ditugu. Hala, lanpostu kopuru horrek izugarri gaindituko du gaur egun Espainiako generazio tradizionalari eskainita dagoen lanpostu kopurua”
Teresa Ribera Trantsizio Ekologikorako ministroak momentu honetan mundu osoaren ahotan dauden zenbait gai azpimarratu nahi izan ditu: “Europak, bere merkatuak eta bere industriak ez dute Parisko hitzarmena betetzen ez duen nazioarteko merkatu bat sustatu nahi”. Ildo horretatik, “hurrengo trantsizioa ekologikoa izango dela” adierazi du ministroak.