Image Alt
<Las últimas noticias y novedades de la conferencia/>

Actualidad

euskadi cambio climatico

Euskadi, hazkunde ekonomikoa eta klima-aldaketaren aurkako borroka uztartzeko moduaren adibide

Euskadiko Klima-aldaketaren 2018ko Ingurumen-profilak –gaur aurkeztua- erakusten du kutsadura eta hazkunde ekonomikoa ez doazela eskutik lotuta: 1995 eta 2016 bitartean, Euskadi % 65 hazi zen eta bere CO2 emisioak % 18 murriztu zituen.

Euskadiko emisioak Europako batez bestekoaren antzekoak dira: 2016an, 19 milioi tona CO2 izan ziren, EB 28ko emisio guztien % 0,4.

Euskadi ez da libratuko klima-aldaketaren ondorioetatik: 2100. urterako espero da urteko prezipitazioa % 15 murriztea eta tenperatura atmosferikoa 1-5 eta 5 gradu bitarte igotzea. Martxoaren 6tik 8ra Donostian egingo den ‘Change the Change’ Konferentzian Europako kasurik onenak ezagutuko dira, Alemania, Danimarka, Italia, Erresuma Batua eta Balearretako eskualdeko ingurumen-ministroen presentziarekin.

CO2 emisioek behera egin dute Euskadin azken urteetan, eta horrek erakusten du hazkunde ekonomikoak ez duela zertan ingurumen-kutsadura handiagorik sortu. Horrela azpimarratu du gaur goizean Bilbon Eusko Jaurlaritzako Ingurumeneko Sailburuorde Elena Morenok, Euskadiko Klima-aldaketaren 2018ko Ingurumen-profilaren aurkezpenean.

Dokumentuaren konklusioek adierazten dutenez, “posible da ekonomikoki haztea eta atmosferarako CO2 emisioak murriztea”. Zehazki, 1995 eta 2016 bitartean, euskal ekonomia % 65 hazi da, eta, aldi berean, CO2 emisioak % 18 murriztu dira”, adierazi du Morenok. Berarekin batera, Aitor Zulueta Klima Aldaketa eta Natura Ondarearen zuzendaria izan da.

2030. urteari begira, Euskadik helburutzat hartu zuen berotegi-efektuko gasen (BEG) osoko emisioak % 40 murriztea, eta ahalegina aurreikusitakoaren arabera doa: bere emisioak % 26 murriztu ditu jadanik, erreferentziazko urtearekin -2005- alderatuta.

Gaur goizean Bilbon aurkeztu den Ingurumen-profila tresna bat da, bidea ematen duena informazio argi, labur eta globala emateko Euskadiko ingurumenaren egoeraren urteko bilakaeraz, adierazle esanguratsuenen bitartez. Orain arte, aireari, urari eta hondakinei buruzko profilak argitaratu dira.

2018ko edizioak, berriz, klima-aldaketa jorratzen du, eta Euskadik berokuntza globalaren aurrean duen egoera aztertzeko tresna gisa planteatzen da. Hala, jarraipen-esparru bat ezartzen du Parisko Akordioan ezarritako helburuetarantz egindako aurrerapena neurtzeko.

50 funtsezko adierazle

Klima-aldaketaren Ingurumen-profila 50 adierazleren inguruan egituratzen da. Adierazle horiek zenbait gai neurtzen dituzte, hala nola zer erantzukizun duen Euskadik klima-aldaketan, zer neurri hartzen ari diren euskal ekonomiaren sektore nagusiak, edo ea klima-aldaketaren arriskuak kudeatzen ari ote diren lurraldearen erresilientzia hobetzeko.

Dokumentuaren datu esanguratsuenetako bat da Euskadi europar herrialdeetako osoko per capita emisioen hamalaugarren postuan dagoela, Alemaniaren atzetik eta Espainiaren aurretik; hau da, EB 28ko batez bestekoaren maila berean dago: per capita emisioak 8,7 tona CO2 dira.

Eremu horretan, euskal ekonomiaren sektore nagusiak neurriak hartzen ari dira. 2005. urtearekin alderatuta, Profilaren arabera, BEGen emisioa % 46,3 murriztu da industrian, % 39,7 nekazaritza sektorean, % 33 zerbitzuetan, % 26 hondakinetan, % 15,7 etxebizitzen sektorean, % 13,6 energiaren transformazioan eta % 8 garraioan.

Dokumentuaren arabera, itsas maila 70 mm igo zen 1993 eta 2017 bitartean euskal kostaldean, eta azken urte horretan (2017) 12 gertaera meteorologiko larri kontabilizatu ziren. Beste konklusio bat da euskal udalerrien % 100 arriskuan dagoela bero-boladengatik eta lehorteen hazkundeagatik, % 81 uholdeengatik eta % 23 itsas mailaren igoerak eragindako uholdeengatik.

Nazioarteko Konferentzia eta Klima-aldaketaren Astea

Egoera horren aurrean, Euskadi kontzientziatuta dago. Ingurumen-profilaren arabera, euskal herritarren % 90k onartzen du klima-aldaketa errealitate bat dela, eta herritarren ehuneko berberak esaten du helburu handinahiak ezarri behar direla aldaketa hori arintzeko. Emaitza bat, adibidez, hiri-hondakinen kontuan islatzen da: Euskadin sortutako hiri-hondakinen % 37 berrerabili, birziklatu eta konpostatzen da.

Maila instituzionalean, Euskadi badu bere Ekintza Plana 2020, KLIMA 2050 – 2050rako Klima-aldaketaren Euskadiko Estrategiaren baitan. Gaur goizean aurkeztutako azterlanaren arabera, 2017. urtean beraren osoko inplementazioaren % 45ean zegoen.

Klima 2050 Estrategiaren baitan, Eusko Jaurlaritzak ‘Change the Change’ Klima-aldaketari buruzko Nazioarteko Konferentzia bultzatzen du: ingurumenaren alorreko urteko  zita garrantzitsuenetako bat da, eta Donostia egingo da martxoaren 6tik 8ra.

Gipuzkoako hiriburuak maila goreneko nazioarteko 50 hizlari bilduko ditu, arazo global honetan hausnartzeko. Espero da hiru egunetan 600 pertsona etortzea, eta, hortaz, urteko zita garrantzitsuenetako bat izango da alor horretan.

Jorratuko diren 8 panel tematikoen artean, panel batean Europako eskualde aurreratuenen ekimen arrakastatsuenak aurkeztuko dira -Baden-Würtemberg (Alemania), Central Denmark (Danimarka), Lombardia (Italia), Eskozia (Erresuma Batua) eta Balear Uharteak-, eskualde horietako ingurumen-ministroen parte-hartzearekin.

Konferentzia Euskadiko Klima-aldaketaren lehenengo astearen puntu zentrala izango da. Izan ere, Asteklima izenarekin, aste hori euskal lurraldeko hainbat lekutan antolatuko da 2019ko martxoaren 1etik 10era, publiko guztiei zuzendutako jarduera-egutegi zabal batez.