Image Alt
<Las últimas noticias y novedades de la conferencia/>

Actualidad

change the change heroiak

Zientziako, arteko, diseinuko eta sukaldaritzako ‘heroi’ gailenek, klima-aldaketaren aurrean, inspirazio eramango dute Change the Change konferentzian

‘Change the Change’ Nazioarteko Biltzarrak hizlari gisa fitxatu ditu Ángel León eta Andoni Luis Aduriz sukaldariak, Cristina Iglesias eskultorea (Lourdes Fernándezekin batera), Leyla Acaroglu diseinatzaile australiarra eta Ana Payo eta Uxua López Flamarique zientzialariak.

‘Planetako heroi’ horiek ikuspegi pertsonala ekarriko dute eta beren proiektu eta ekimen berritzaileak azalduko dituzte hainbat esparrutatik eta planetako puntu desberdinetatik klima-aldaketaren aurka jarduteko eta sentsibilizatzeko.

Martxoaren 6tik 8ra bitartean Donostian egingo den ‘Change the Change’ Nazioarteko Biltzarrak, klima-aldaketaren arloan sona handikoak diren 50 adituren hitzaldiak eskaintzeaz gain, gune bat esparru desberdinetako pertsonen hitzaldietarako erreserbatuko du, bakoitzak bere ikuspegi partikularra adierazi dezan. ‘Planetako heroiak’ ezizena jaso dute, hortaz, biltzarreko jardunaldi bakoitzak bere ‘gune heroiko’ propioa izango du.

Inaugurazio-jardunaldia (martxoaren 6an Donostiako Kursaalen),Nicholas Stern ekonomialari britainiarra gonbidatu izar gisa duela, Antartikan esperientzia duten bi zientzialarirekin abiaraziko da: Uxua López Flamarique eta Ana Payo.

Zientzialariak Antartikan

Biek hartu dute parte Homeward Bound programan: aitzindaritzaren, estrategiaren eta ikusgaitasunaren inguruko prestakuntza uztartzen dituen ekimena da, urtean zehar, lan-taldeka banatutako ikerketa-ildoekin; zientziaren esparruan emakumeei aginte-postuetarako sarbidea erraztea du helburu. Hamar urteko epean klima-aldaketaren kontrako borrokan nabarmenak diren 1.000 emakume zientzialarik osaturiko mundu-mailako sare bat sortzea da xedea.

Uxua López Flamarique, energia berriztagarrietan aditua den zientzialari nafarra. 2017an, mundu osoko 300 hautagairen artean hautatu zuten programan parte hartzeko. Antartikan parte hartu du klima-aldaketa eta horrek emakumeengan duen eragina ikertzen duen talde batean; izan ere, berotze globalak emakumeengan dituen ondorio negatiboak gizonek jasaten dituzten ondorioak baino larriagoak dira, emakumeek baliabide ekonomiko gutxiago baitituzte, sarbide mugatuagoa baitute hezkuntzara eta justiziara eta mugikortasun eta erabakiak hartzeko gaitasun gutxiago baitute.

Uxuarekin batera, Ana Payo hautatu zuten 2018an Homeward Bound programarako. Zamorako ozeanografo eta ingurumen-zientzialari bat da eta itsas-hegaztien populazioen ekologia aztertzen du Ikasketa Aurreratuen Mediterraneoko Institutuarentzat. Gainera, arte eszenikoen bitartez zientzia zabaltzen duen Big Van Ciencia taldearena da.

Bi ‘sukaldari’ abangoardista

Hurrengo egunean, martxoaren 7an (osteguna), ‘Change the Change’ biltzarrak nazioarteko sukaldaritzako sona handieneko bi izen batuko ditu bere hizlarien artera: Ángel León (‘itsasoko sukaldaria’ deituraz ezaguna) eta Andoni Luis Aduriz (Mugaritz jatetxearen arduraduna).

Ángel León, Puerto de Santa Marian dagoen Aponiente jatetxearen jabeak, hiru Michelin izarrekin, zero kilometroko produktuetan eta itsasoko espezialitateetan oinarritzen du bere sukaldaritza. Orain beste Michelin izar bat du Sancti Petrin (Cádiz) dagoen Alevante jatetxeari esker. Bere ondoan, euskal sukaldari ospetsuenetako eta berritzaileenetako bat izango du anfitrioi gisa, Andoni Luis Aduriz. Errenteriako bere jatetxetik, eragin handiko sukaldari bilakatu da; I+G-aren aldeko bere apustuagatik eta sukaldaritzan duen diziplina anitzeko kontzeptuagatik. Biek irabazi dute Gastronomiako Sari Nazionala.

Diseinatzaile iraunkorra

Leyla Acaroglu diseinatzaile australiarrak ere banakako pertsonen ibilbidea erakutsiko du, zehazki, bakoitzari dagokion lanbide-jardueran originaltasunarekin eta klima-aldaketaren aurkako uste osoarekin jardutea erabaki duten pertsonen ibilbidea. 2016ko Lurreko txapelduna saria (Nazio Batuek eman ohi dutena) irabazi zuen diseinatzaile australiar honek martxoaren 8an (ostirala) esku hartuko du. New Yorken bizi da eta hainbat diseinu-agentzia sortu ditu. Horretaz gain, hezitzailea eta kultur-probokatzailea ere bada.

Acaroglu, bestalde, soziologoa da eta diseinuaren bidez gizarte- eta ingurumen-aldatzea sustatzen du. Metodo Disruptiboaren Metodoa ere garatu du. Aditua da pertsonei munduaren funtzionamenduaren inguruan modu desberdinean pentsatzera desafiatzen. Iraunkortasunaren inguruko TED hitzaldietako bere mintzaldia milioi bat aldiz baino gehiago ikusi da.

Cristina Iglesias, Donostian

Change the Changen hizlarien zerrendara gehitu diren izenen artean Cristina Iglesias azaltzen da, nazioartean-mailan ezagunena den euskal artista. Eskultore donostiarrak, saio berezi batean, artearen inguruan duen ikuspegia eskainiko du, inguruarekin lotura estuan. Oraintxe bertan lanean dihardu Donostiako Santa Klara uharteko itsasargia eskultura publiko eta hiriko obra enblematiko bilakatzeko proiektu batean. Azkenengo aurrerapenak azalduko ditu, bai eta bere ibilbide artistikoaren eta bere inguruaren eta ura bezalako elementuen arteko lotura ere.

Bere hitzaldia Lourdes Fernándezek aurkeztuko du. Lourdes Fernandez ARCOko eta Bilboko Azkuna Zentroko zuzendari-ohia, arte garaikidearen esparruan sona handiko pertsonetako bat eta hainbat proiekturen bultzatzailea da.