Image Alt
<Las últimas noticias y novedades de la conferencia/>

Actualidad

daniel innerarity

Daniel Innerarity: “Klima aldaketaren aurka borroka ezin da egin mobilizazio sozial erraldoirik gabe”

1.- COP 24 bilera Katowicen amaitu ondoren, esfera politikoak hainbat kritika jaso ditu, zeren leporatzen baitzaio hitzartutako promesak bete gabe geratu litezkeela. Nola ikusten duzu argudio ezkor hori, Polonian egindako goi bilerari dagokionez?

Klima-aldaketaren aurkako borrokaz hitz egiten denean, lortutako aurrerapenei eman dakiekeen kalifikazio bakarra hauxe da: ez dira aski. Seguruenik, gizateriari inoiz planteatu zaion negoziazio-arazo konplexuenaren aurrean gaude; ezein bake-itun, merkataritza-akordio edo negoziazio sozialek ez du izan honenbesteko konplexutasunik, inoiz ez da egon izaera desberdineko hainbeste interesik jokoan (herrialdeen artean, belaunaldien artean, arriskuen balorazioen artean), inoiz ez da egon hainbesteko asimetriarik kausen artean, ezta inpaktuen artean ere; inoiz ez da gertatu adituen mobilizazio bat gobernuei aholku emateko, IPPCren kasuan bezala. Garbi dago ez dagoela eratuta hain interdependentzia trinkoen testuinguru bat kudeatzeko beharko genukeen instituziorik. Ez dago akordio eta kargak ezar litzakeen “Leviathan berderik”. Nazioarteko lege-erregimena ahula da; gobernantza globala oso zatikatuta dago alor honetan. Nolabait, arazo hau mundu globalizatuaren jokaleku konplexuen prototipoa da: ez dago toki mailan soilik ondorioak dituen ekintzarik; aldi berean, baina, ez dago gaia ikuspegi global batetik kudeatu lezakeen nazioz gaindiko instituziorik. Arazo hau konpontzeko modua eredu izango da gisa bereko gatazken konponbiderako.

2.- Etika eta politika estu lotuta doaz, eta klima-aldaketa ere binomio honen eraginpean dago. Zure ustez, nola islatzen dira biak gure gizartean, erronka globalari dagokionez?

Klima-aldaketak gure ohituretatik kanpo zeuden betekizun etiko eta politiko berriak jarri ditu mahai gainean. Orain arte, gure erantzukizunaren esferak ez dira inoiz ere halako neurrian gaindituta geratu, ez espazio aldetik ez denbora aldetik. Gure ekintzek ez zuten ia ondoriorik izaten gure auzokideengan, ezta etorkizuneko belaunaldiengan ere. Gure teknologia eta kontsumo-moduei lotutako arriskuekin, aldiz, agerian geratu da gure erantzukizunaren esfera zabaldu egiten dela, hainbesteraino non ezin baitugu jarraitu auzokideak edo etorkizuna orainaldiko zabortegitzat hartzen. Inperatibo etiko eta politiko nagusia da kontsideratzea zer ondorio dituen beste horiengan geuk egiten dugunak, eta “beste horiek” ez dira, lehen bezala, gure inguruneko izakiak, gure herrixkako kideak (estatu nazional bat eta gure belaunaldia herrixka bat baino apur bat gehiago dira soilik); aitzitik, gizateria osoa izan daiteke. Ez dugu ez kontzepturik ez tresnarik neurtzeko zer neurritan baldintzatzen ditugun besteak, eta horrek esplikatzen du zergatik den gutxiegi norabide horretan egiten dugun edozein aurrerapen.

3.- Eskualde eta nazio mailako gobernuetatik gauzatzen diren politiketatik kanpo dagoen pertsona batek zurekin hitz egingo balu klima-aldaketa estrategia edo joko politiko bat besterik ez dela esateko, zer esango zenioke pertsona horri?

Oraingo eta etorkizuneko ondorioak jarriko nizkioke aurrez aurre, hau da, jadanik egiaztatu ditzakegunak eta gertatzen has daitezkeenak. Nire ustez, inpaktu gehien sortzen duena “klima-errefuxiatuaren” figura da, hau da, klima-gertaera baten eraginez ihesi doan pertsona; kasu honetan, errefuxiatuen masak dira, euren jaioterritik alde egin behar dutenak, bertan bizitzea zaila edo ezinezkoa delako, eta herrialde pribilegiatuetako biziraupen aukeretan parte hartu nahi izango dutenak. Aurrerantzean ez da bereizkuntzarik egingo klima-errefuxiatuen eta gerra-errefuxiatuen artean, zeren gerra berrietako asko klimak eragindakoak izango baitira. Bada zuzeneko konexioa bi kategorien artean, zeren berokuntza globalak desberdintasunak areagotu eta gatazka berriak sortzen baititu.

4.- Nola baloratzen duzu Change the Changeren moduko nazioarteko konferentziek klima-aldaketari buruzko eztabaidan duten garrantzia, gure gizarteak aurrez aurre duen erronkari begira?

Nolabait esateko, gure gizarteek “etorkizuna kontsumitzen dute” modu arduragabean, eta epe laburrerako ikuspegi horri aurre egiteko modu bat da mekanismo instituzionalak, jasangarritasun-konpromisoak, agentziak eta foroak sortzea, Change the Changeren modukoak, berehalakotasunetik harago ditugun betebeharrez hausnartzeko eta gizarteari laguntzeko horretaz hausnartzen eta helburu horiekin konprometitzen.

5.- Nola erakutsi daiteke politikaren eremutik beharrezkoa klima-aldaketa arintzeko eta berari egokitzeko lanean berehala aritzea? Nola eraman kalera behar hori?

Herritarren arazo nagusia da ez direla ia konturatzen euren jokabideak besteengan, naturan eta etorkizunean dituen ondorioez. Alor horretan badago defizit bat, hots, ez da argi ikusten gure erabaki indibidualen bidez sortzen dugun baldintzapena. Alde horretatik, hobeto bistaratu beharko genuke nola egiten dugun politika gure erosketekin, hau da, jaten dugunaren trazabilitatea edo sortzen dugun zaramaren ibilbidea bistaratu beharko genituzke. Klima-aldaketaren aurkako borrokaren moduko kausa bat ezin bideratu daiteke gizarteak parte hartu gabe, gizarte-mobilizazio erraldoi bat izan gabe. Eta mobilizazio horren hasiera da kontzientzia hartzea, norberak egiten duenaren eta munduko egoera globlaren arteko lotura ulertzea.

6.- Kaleetan berriki gertatu diren errebindikazio-episodioek oihartzun zabala izan dute nazioarteko hedabideetan, ‘txaleko horien’ kasuan bezala.

Hurbil edo urrun ikusten duzu horrelako zerbait klima-aldaketarekin gertatzea, hau da, mugimendu indartsu batek alarma jotzea eta klima-aldaketa ipso facto jorratu beharreko arazo politiko gisa planteatzea?

Etorkizunak ez du mobilizazio-indar handirik gizakiongan, eta are gutxiago gizartearen begirada berehalakotasunera zuzentzen bada, pertsonok pentsatzen badugu orainaldia dela zorionaren horizonte bakarra; presio-indar handiagoa dute oraingo pentsiodunek etorkizunekoek baino, boto-emaileek haurrek baino, sistemaren barruan daudenek (eskubide murriztuekin izan arren) guztiz kanpo daudenek baino. Azken urteotan protesta globalizatu egin da, eta espazio globala eta gizateria –orokorrean- eragile gisa agertu dira, hautesleria nazionaletatik harago; bada, hori gertaera itxaropentsu bat da, eta interesetara zuzendu beharrean kausa eta balioak helburutzat hartzen dituzten mobilizazioak imajinatzera mugitu beharko gintuzke. Horri dagokionez, txaleko horien protesta ez zait eredugarria iruditzen  (hori baino gehiago, protestaren esparru tradizionala noraino desegituratu den erakusten duen adierazle bat da; izan ere, ez da klase-mugimendu bat, eta ez da logika sindikal batean modu koherentean egituratzen); nire ikuspuntutik, itxaropentsuagoa da mugimendu ekologikotik errebindikazio feministara edo errefuxiatuen aldeko elkartasunera doan eboluzioa, zeren sentsibilitate horien helburu nagusia ez baita nire interesak defendatzea, baizik eta eskubideak dituztenen irismena zabaltzearen alde borrokatzea.

7.- Zeuk zuzentzen duzun Globernance – Gobernantza Demokratikoaren Institututik, zer-nolako aholkuak emango zenizkioke gobernu bati klima-aldaketaren eta oraingo gizartearen baitan inplementatu behar diren neurrien testuinguruan?

Gure dimentsioen barruan jadanik egiten dugu hori, tokiko eskalatik eskala globalera, diziplina arteko ikerketa- eta aholkularitza-jarduera batez, zeren horren horizontea ez baita berehalakoa kudeatzea; aitzitik, saiatzen garena da gobernuek kontuan hartu dezatela ezinezkoa dela oraingo mundua gobernatzea datorren mundua nolakoa izango den jakin gabe. Instituzioak berriztatzeko institutu bat gara, etorkizuneko gobernantzari aurrea hartzeko.

8.- Zer-nolako eragina izan dezakete pertsonengan big data eta Interneteko gehiegizko informazioak, klima-aldaketaren moduko gaietan?

Datuen iraultza horretan, agian etsigarriena da ez dela batere iraultzailea. Dominique Cardonek ohartarazi duen bezala, ideologia ororen gainditze sedizente horren ideologia “konduktismo erradikal” bat da. Algoritmo prediktibo deritzanak oso kontserbadoreak dira. Prediktiboak dira etengabe formulatzen dituzten hipotesiek esaten dutelako gure etorkizuna gure iraganaren erreprodukzioa izango dela, baina ez dira sartzen pertsona eta gizarteen subjektibotasun konplexuan, nahiz eta hor aldaketarako nahi eta desioak planteatzen diren. Adibidez, ez dute ia erregistratzen erretzeari uzteko gogo pertsonala, eta tabakoaren publizitatea egiten jarraitzen dute, erretzen jarraituko dugula segurutzat jota.

Alor kolektiboan ere ez dira batere lagungarriak anbizio politikoak formulatzerakoan, desberdintasunen edo klima-aldaketaren aurkako borrokaren kasuan bezala; aitzitik, horien erreprodukzioa bultzatzen dute. Nola ulertu nahi ote dugu gure gizarteen errealitatea gure azterketatan sartzen ez baditugu, kontsumitzaileen jokabideez gain, botere aldetik dauden asimetria erraldoiak, mundu honetako bidegabekeriak eta geuk hori aldatzeko dugun gogoa?

9.- Emakumeen lidergoa gizartea eraldatzen ari da, eta klima-aldaketa ez da hortik kanpo geratzen.

Nola bultzatu ote daiteke haien ahalduntzea klima-aldaketa arintzeari ekiten dion ekintza-estrategia bati begira, politikaren esparrutik sostengatuta?

Demokrazia paritarioak osatu egiten du gizonezkoen demokrazia mutilatua, zeren giza interdependentziarekin lotutako gaiak txertatzen baititu agenda politikoaren muinean; emakumeak barne hartzen dituen subjektibotasun politikoak elkarren arteko dependentzia-harremanen estiloa sustatzen du orain arte soberaniaren logika nagusi izan den eremuetan. Emakumeak espazio publikoan modu paritarioan sartzeak ez du esan nahi bertara eraman behar dutenik euren ustezko zeregin espezifikoak, hots, zaintza eta mendetasunaz arduratzeko zereginak; aitzitik, horrek lanaren banaketa berrantolatzera behartzen du, eta zalantzan jartzen du ideia bat, alegia, eremu publikoan bizitzeko modu bakarra horrelako kargarik gabeko gizona edo emakumea izatea dela dioen ideia.

Autosufizientziaren politika hankaz gora jartzean, horrela ulertutako feminismoak atea irekitzen dio beste eredu bati, non balioak –hain zuzen ere, balio ekologikoei lotutakoak: kalteberatasuna, lankidetza, zaintza- espazio publikoaren ondasunak eta gaiak izan daitezkeen (beraz, bai gizonenak eta bai emakumeenak). Demokraziak mendeko gizabanakoentzako espazio bat izateari utz diezaiokeen bezala, instituzio politikoek ateak ireki diezazkiekete lankidetzaren logikari eta ongi kolektiboaren arretari. Paradigma aldaketa mardula tokiko espazioan eta espazio globalean.