Image Alt
<Las últimas noticias y novedades de la conferencia/>

Actualidad

manola brunet y daniel innerarity change the change

Manola Brunet zientzialaria eta Daniel Innerarity katedraduna ere hizlari izango dira Change the Change Konferentzian

Brunet Munduko Meteorologia Erakundeko Klima Batzordeko presidente izendatu dute orain dela gutxi, eta Innerarity filosofia politikoko katedraduna eta Globernance–Gobernantza Demokratikoaren Institutuaren zuzendaria da. Aforoaren ia erdia beteta egonda, Klima Aldaketari buruzko Nazioarteko Konferentziaren antolatzaileek abenduaren 31ra arte luzatu dute izen-emateak prezio murriztuan egiteko epea.

‘Change the Change’ Klima Aldaketari buruzko Nazioarteko Konferentziak munduko aditu ospetsuenetako batzuk bilduko ditu Donostian martxoaren 6tik 8ra, eta gaur beste bi hizlari gehitu ditu bere egitarauan: Manola Brunet zientzialaria eta Daniel Innerarity filosofia politikoko katedraduna.

Manola Brunet Munduko Meteorologia Erakundeko (MME) Klimatologia Batzordeko presidentea da aurtengo apirilaz geroztik -NBEren agentzia honek gure planetako eguraldi, klima eta uraren gaineko eskumena du-. Klima-aldaketaren alorrean gehien lan egin duten espainiar emakume zientzialarietako bat da, eta erakunde hori orain dela laurogeita hamar urte sortu zenez geroztik kargu hori betetzen duen lehenengo emakumea.

Brunet nazioarteko aditu gisa dago aitortuta bi eremutan: klimaren berreraikuntza instrumentala; eta klimaren azterketa espazio- eta denbora-eskala desberdinetan. Nabarmendu da Espainia penintsularreko airearen tenperaturaren epe luzeko aldaketari buruz egindako azterketengatik, eta beraren lana lagungarria izan da ebaluatzeko, maila globalean eta eskualde mailan, nola aldatzen ari diren mutur klimatikoak mundu beroago batean. Halaber, Geografia Fisikoko katedradun moduan lan egiten du Tarragonako Rovira y Virgili Unibertsitatean.

Klimaren alorreko aditu honek martxoaren 6ko saioetan parte hartuko du, Donostian, ‘Planetaren osasuna: ekintzarako zientzia’ panelaren baitan. Berarekin batera honako hauek egongo dira: Luis Balairón, AEMETen Klima Aldaketaren Atribuzio eta Azterketarako programaren zuzendari ohia; Alejandro Cearreta, Geologian doktorea eta UPV/EHUko Mikropaleontologia irakaslea; Iñigo Losada, Kantabriako Unibertsitateako Ingurumen Hidraulika Institutuko ikerketa-zuzendaria; eta José Manuel Moreno Rodríguez, Gaztela-Mantxako Unibertsitateko Ekologia katedraduna; anfitrioia, berriz, María José Sanz izango da, Basque Centre for Climate Change BC3ko zuzendari zientifikoa. Panel honek klima-aldaketaren ikuspegi zientifikoari helduko dio, erronka nagusiak zein diren eta zer-nolako erantzunak eman daitezkeen azalduz.

Daniel Innerarity, Jasangarritasunari buruzko panelean

Daniel Innerarityk martxoaren 7an parte hartuko du Change the Change konferentzian, jasangarritasuna jorratzeko saioan, 2030 Agendarako goi komisionatu Cristina Gallachekin batera; saio horretako anfitrioia Marian Elorza izango da, Eusko Jaurlaritzako Kanpo Harremanetarako idazkari nagusia.

Panel horretan aztergai egongo dira jasangarritasun-politiken nazioarteko aurrerapena, 2030 Agendaren aplikazioa, klima-aldaketarekin duen inplikazioa, eta etorkizunari begira agertzen diren erronkak, bai alor globalean eta bai toki mailan.

Innerarity filosofia politikoko katedraduna da, UPV/EHUko Ikerbasqueko ikertzailea, eta Globernance – Gobernantza Demokratikoaren Institutuko zuzendaria. Irakasle gonbidatua da Florentziako Europar Institutuan, eta lehen ere gonbidatua izan da Europako eta Amerikako unibertsitate batzuetan, hala nola Parisko Sorbona, London School of Economics edo Georgetown. Egunkari askotako ohiko kolaboratzailea da eta liburu ugari argitaratu ditu. Beraren ikerketaren ardatzak politikaren eraldaketa eta demokrazia konplexuaren ideia dira. Beste batzuen artean, sari hauek eskuratu ditu: Euskadiko Saiakera saria, Saiakera Sari Nazionala, Eusko Ikaskuntzaren Giza Zientzia, Arte, Kultura eta Gizarte Zientzien Saria, eta Principe de Viana Kultura Saria.

Luzatu egin da izen-ematea prezio murriztuan egiteko epea

Change the Change Klima Aldaketari buruzko Nazioarteko Konferentziak bere aforoaren ia erdia du beteta, ekitaldirako oraindik ere ia hiru hilabete falta direnean. Izandako harrera ona ikusita, antolatzaileek erabaki dute beste bi astez luzatzea izen-emateak prezio murriztuan egiteko epea, batzarrera etortzeko interesa duten pertsonei erraztasunak eskaintzeko. Era horretan, Change the Changera deskontuarekin joan ahal izateko azken eguna abenduaren 31 izango da.

Hiru izen-emate mota daude. Alde batetik, pase erregularrak eskubidea ematen du konferentziara 130 €-ko prezioan sartzeko. Urtarrilaren 1etik aurrera, tarifa 180 €-ra igoko da. Gainera, badira beste bonu mota merkago batzuk, kolektibo jakin batzuei zuzenduta. Pase murriztua pentsatuta dago enpresa edo erakunde batetik datozen taldeentzat, gutxienez hiru pertsonakoak; tarifa 100 € dira pertsona bakoitzeko. Aurrerago, tarifa 150 € izango dira. Gainera, 30 urtetik beherako ikasleek eta langabezia egoeran dauden pertsonek pase sozial bat lortu ahal izango dute, konferentziaren hiru egunetan 75 €-ren truke egoteko. Izen-ematea urtarrilean formalizatzen badute, berriz, tarifa 100 €-ra igoko da. Izen-ematearen tarifek barne hartzen dituzte Konferentziako materialak, kafeak eta bazkariak.