Image Alt
<Las últimas noticias y novedades de la conferencia/>

Actualidad

Eusko Jaurlaritzaren Kostegoki proiektuak identifikatzen ditu klima-aldaketaren ondorioz euskal itsasertzean arriskuan dauden eremuak

Iñigo Losadak aurreratu ditu gaur, Bilbon, klima-aldaketaren inpaktua espainiar itsasertz osoan aztertzen duen proiektu pilotu baten emaitzak –Iñigo Losada hizlaria izango da datorren martxoan Donostian egingo den ‘Change the Change’ Nazioarteko Konferentzian-. Aurreikusten da euskal itsasertzeko itsasoaren maila 4,5 eta 6,5 zentimetro bitarte igoko dela urtero mende honetan geratzen diren urteetan. AZTI-Tecnaliaren eta Gipuzkoako eta Bizkaiko aldundien lankidetzarekin bultzatutako Kostegoki azterlanak ezarriko du zein diren lehentasunak Euskadi klima-aldaketari egokitzeko.

Donostia eta Ibaizabalen estuarioa dira itsas mailaren igoeraren aurrean kalteberak diren bi euskal hirigune. Bermeon, berriz, kalteak gertatzeko arriskua dago portu-aldean, beste fenomeno batzuen artean, itsas mailaren batez besteko igoeragatik eta mareengatik. Zarautz beste herri kaltebera bat da, olatuen eraginez uholdeak jasateko arriskua baitu. Lau kasu horiek adibide zehatzak dira klima-aldaketak Euskadin duen eraginaz. Eta badago gehiago. Hori guztia aztergai dago Eusko Jaurlaritzak Ihoberen bidez bultzatzen duen Kostegoki proiektuan. Proiektuak Gobernu zentralaren kofinanziazioa du, eta beraren parte-hartzaileak dira AZTI-Tecnalia, Bizkaia eta Gipuzkoako aldundiak eta Eusko Jaurlaritzan portuen kudeaketaz arduratzen den Zuzendaritza.

Klima-aldaketak eta honek itsasoko eta itsasertzeko ekosistemetan duen eragina gure gizarteak aurrez aurre izango dituen desafio nagusietako bat da, eta Euskadi ez da arazo horretatik kanpo geratzen: biztanleriaren % 55 kontzentratzen da lurraldeko azaleraren % 10 baino gutxiago okupatzen duten bi itsasertzeko eskualdetan: Bilbo Handian eta Donostialdean.

Itsas mailaren batez besteko igoerak inpaktu nabaria izango du itsasertzean. Jadanik egiaztatu da batez besteko maila 7 zentimetro igo dela 1992 eta 2017 bitartean, hau da, 2,8 milimetro urtean. Igoera hau XXI. mendeko gainerako urteetarako aurreikusten dena baino nabarmen txikiagoa da; izan ere, sasoi horretarako 45 eta 65 zentimetro bitarteko igoera aurreikusten da, hots, 4,5 eta 6,5 milimetro bitarteko igoera-abiadura urtean.

Kostegoki azterlanak Euskadiko itsasertzaren kalteberatasuna, arriskua eta egokitzapena aztertzen ditu, eta beraren helburua da “lurraldearen eraginkortasuna eta erresilientzia datozen hamarkadetan handitzea”. Helburu hori Euskadiko 2050rako Klima Aldaketaren aurkako Estrategiaren zati da (Klima 2050).

Iñigo Losada, Change the Changen

Alor honetan Espainian dauden aditu nagusietako bat Iñigo Losada bilbotarra da. Kantabriako Ingurumen Hidraulikako Institutuaren ikerketa-zuzendari gisa proiektu pilotu bat gidatu du Asturiasen, espainiar itsasertza klima-aldaketari egokitzeko estrategia berri baten bidea urratzeko xedez.

Lan horrek, beste batzuen artean, erreferente bihurtu du klima-aldaketak gure itsasertzari eta beraren ingurumen-balioei eta balio sozioekonomikoei ekartzen dien arriskua (mehatxu, esposizio eta kalteberatasunaren konbinazioa) ebaluatzen saiatzen diren zientzialari guztientzat.

Losadak proiektuaren emaitzak azaldu ditu gaur, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak antolatutako hitzaldi batean. Gainera, aurten Ingurumenaren Babeserako Jaume I.a saria irabazi duen aditu bilbotar honek presentzia azpimarragarria izango du martxoaren 6tik 8ra bitartean Donostian egingo den Klima Aldaketari buruzko Nazioarteko Konferentzian.

Change the Change izeneko zita horretan, Losadak itsasertzen gaineko inpaktuez hitz egingo du. Gainera, konferentzia klima-aldaketaren alorreko aditu garrantzitsuenetako batzuk bilduko ditu. Horien artean dago Nicholas Stern britainiar ekonomialari ospetsua, eta baita Bunny McDiarmid, Greenpeace Internationaleko zuzendaritzako kide eragilea, eta Manuel Pulgar-Vidal, Munduko Naturarako Funtsaren (WWF International) Klima eta Energia liderra ere.

Ven a Change the Change del 6 al 8 de Marzo del 2019