Image Alt
<Las últimas noticias y novedades de la conferencia/>

Actualidad

52 keinu klima-aldaketaren aurka: Eusko Jaurlaritzak gida bat argitaratu du

Ihobek, Eusko Jaurlaritzako ingurumen-jarduketarako sozietate publikoak, jarduteko eta konpromiso pertsonala hartzeko gida oso bat argitaratu du; bertan, Klima-aldaketaren aurkako 52 Keinu izenburupean, gonbidatzen ditu herritarrak eguneroko bizitzaren hainbat joera eta ohiko portaerak aldatzera, berotegi-efektuko gasen emisioa murrizteko asmoz.

Dokumentuak bost esfortzu mailatan banatzen ditu 52 keinu horiek, “oso erraza” den keinutik hasi eta “oso zaila” den keinura iritsiz. Halaber, keinua egiteak ingurumenean duen inpaktua egiaztatzea ahalbidetzen duen taula bat ere badauka, 1etik 5era doan eskala batez.

52 ekintza horiek Klima-aldaketaren aurkako Euskal Estrategia –Klima 2050- betetzera zuzentzen dira, zeren estrategia horrek helburutzat hartzen baitu Euskadiko berotegi-efektuko gasen emisioak % 80 murriztea mendearen erdirako. Gaur egun, pertsona bakoitzak 8,7 tona CO2 emititzen ditu, guztira; Europar Batasuneko betez bestekoa, berriz, 8,5 tona dira.

CONAMAn banatu da Change the Change Klima Aldaketari buruzko Nazioarteko Konferentzia prestatzeko

Gida datorren astean agertuko da aurreneko aldiz, azaroaren 26tik 29ra Madrilen egingo den Ingurumen Batzar Nazionalean (CONAMA). Garapen jasangarriaren inguruan Espainian egiten den zita nagusia da, bi urtetik behin antolatua. Bertan, ’52 Keinu Klima Aldaketaren alde’ izeneko gida lortu ahal izango da, Eusko Jaurlaritzak ACLIMArekin konpartituko duen standean –ACLIMA Euskadiko Ingurumen Industriak biltzen dituen klusterra da-.

Klima-aldaketaren aurkako 52 Keinu izeneko gida argitaratzea da Change the Change Klima Aldaketari buruzko Nazioarteko Konferentzian kokatzen den ekintzetako bat. Konferentzia hori Donostian izango da, 2019ko martxoaren 6an, 7an eta 8an.

Hiru egun horietan 600 parte-hartzaile bilduko ditu Konferentziak bai eta klima-aldaketaren nazioarteko 50 aditu onenetariko ere. 8 atal tematikotan egituratuko da, honako gai hauek jorratzeko: planetaren osasuna, eskualdeen rola, hiri-ingurunea, jasangarritasuna, energia-trantsizioa, ekonomia, hezkuntza, eta emakumeen lidergoa. Horretaz gain, “planetako heroiak” delakoek hartuko dute parte: hainbat arlotatik klima-aldaketaren aurka borrokatzen ari diren pertsonen hitzaldi inspiratzaileak.

Change the Change Konferentzia Euskadiko Klima Aldaketaren Astearen barnean egingo da; aste horrek hiru lurraldeetako publiko guztientzako jarduera-egutegi zabala eskaintzen du, herritarren arreta bereganatzeko helburuz. Izan ere, ekintza oro, txikia bada ere, garrantzitsua da.

Informazio gehiago: Gida 52 keinu