Image Alt
<Las últimas noticias y novedades de la conferencia/>

Actualidad

Mar Gómez Change the Change

Mar Gómez: “Klima aldaketak gure planetan lortutako garapeneko parte handia mehatxatzen du”

1.-Komunitate zientifikoak alarma jo du klimaren oraingo egoeraz. Zure ikuspegi profesionaletik begiratuta, zure ustez zer-nolako eragina du zugan klima-aldaketak?

Komunikatzaile eta dibulgatzaile zientifikoa naizen aldetik –zehazki, meteorologia eta klimatologiaren alorrekoa-, gure ustez funtsezko rola jokatzen dugu klima-aldaketari eta haren kausa, ondorio eta balizko irtenbideei buruzko komunikazioan. Oso garrantzitsua da herritarrei helaraztea zein den oraingo egoera, zer-nolako bilakaera izango duen hurrengo hamarkadetan, zer mekanismo bultatzen duten eta zer tresna erabil daitezkeen berokuntza global hori arintzeko. Nire ustez, komunikatzaileongan badu eragin berezia, zeren gure diskurtsoa aldatzera behartzen baikaitu, hau da, epe labur eta ertainerako iragarpenez hitz egiteaz gain klima-proiekzioez eta  horiei lotutako ondorioez ere hitz egitera behartzen gaitu, eta, gainera, gomendioak eman behar dizkiegu herritarrei norberak har ditzakeen neurriez, euren banakako “hobekuntza” edo arintze partikularra egiteari begira.

Gainera, klima-aldaketaren ondorioen larritasuna ikusita, profesional moduan behartuta gaude gure ezagutza eguneratzera, azken informazio eta azterlan zientifikoekin, herritarrak behar den bezala informatu ahal izateko.

2.- Zure esanetan, “hamarkada beroenak bizitzen ari gara”; zer alderditan da agerikoa klima-aldaketaren inpaktua?

Lurraren batez besteko tenperatuaren igoera da klima-aldaketaren ondorio nagusietako bat, agian garrantzitsuena, eta estu lotuta dago berotegi-efektua bultzatzen duten gasen emisioarekin. Berokuntzaren joera agerikoa da, batez ere azken urteetan, eta klima-proiekzioek erakusten digute egoera are txarragoa izan litekeela mendearen amaieran. Baina hori ez da ebidentzia bakarra, ezta hurrik eman ere. Itsasoaren maila eta beraren tenperatura igotzen ari dira, eta horren eraginez izotz glaziarra urtzen ari da eta urtzen jarraituko du. Bada, horrek badu eragina bertako ekosisteman eta han bizi diren espezieengan, baina baditu beste ondorio batzuk ere. Adibidez, ondorio esanguratsuenetako bat da itsas mailaren igoera eta horrek kostaldeko hiriei dakarkien mehatxua. Ozeanoetako tenperaturaren igoera da klima-aldaketa honen beste ondorio bat; igoera horrek ozeanoetako azidifikazioa areagotzen du, eta horrek arrisku larrian jartzen ditu landare- eta animalia-espezie ugari.

Beste alde batetik, berokuntza global horren ondorio agerikoen artean beste hauek ere azpimarratu behar dira: muturreko fenomeno meteorologikoen maiztasuna eta intentsitatea, lehorteak, nekazaritza eta baso-eremuen gaineko eragina, eta ekosistemen eta giza osasunaren gaineko inpaktuak.

3.- Prestatuta dago gure gizartea muturreko fenomeno meteorologiko eta klima-baldintzak maizago jasateko? Hurrengo belaunaldiek pairatuko dute?

Alderdi askotan ez dago oraindik ere prestatuta. Nahiz eta IPCCk (Klima Aldaketari buruzko Gobernuarteko Taldeak) 1990ean argitaratu zuen bere lehenengo txostena, hainbat eragile –bai gobernuak eta bai erakundeak eta herritar soilak- ez dira konturatu bizitzen ari ginen egoeraz eta horrek izango zituen eta izango dituen ondorioez. Gaur egun, gure planetan baditugu eremu batzuk, non klima-errefuxiatuez hitz egiten den; eskualde batzuetan, herritarrek euren bizilekutik alde egin behar dute urik ez dagoelako, lehorte etengabeak daudelako edo ingurumen-baldintzek okerrera egin dutelako; beste leku batzuetan, herritarrek garai batez alde egin behar dute, dela  ingurumen-hondamendiengatik dela gero eta maizago gertatzen diren muturreko fenomeno meteorologikoengatik.

IPCCren azken txostena oso zorrotza zen. Zerbait egin behar dugu berokuntza globala moteltzen saiatzeko. Zoritxarrez, jadanik geldiezina da, baina panorama “samurragoak” jar ditzakegu aurrez aurre. Dena dela, orain kritikoa da egoera. Neurriak hartu behar dira, lehenbailehen, zeren aldaketa batzuk atzeraezinak izan balitezke.

IPCCren arabera, CO2aren emisioak % 45 murriztu beharko dira hemendik 2030era, berokuntza 1.5ºC-ra iritsi ez dadin. 2050ean, “karbono neutraltasuna” lortu beharko da, hau da, emisio negatiboak izaten hasi, edo, bestela esanda, emititzen den CO2a atmosferatik ezabatzen dena baino gutxiago izatea. Tenperatuaren igoera mugatu behar da, eta, hori lortu arren, etorkizuneko belaunaldiek pairatuko dituzte klima-aldaketa geldiezin honen ondorioak.

4.- Nola baloratzen duzu Change The Change nazioarteko konferentzia, klima-aldaketaren eta jardunbide berrien inguruko eztabaida gidatzeko?

Nire ustez, funtsezkoa da aurrez aurre dugun arazoaren inguruko ikuspegi desberdinak ematea ahalbidetzen duten konferentziak izatea, eta, batez ere, funtsezkoa da konferentzia horiek balizko irtenbideak eta txosten berriak eskain ditzatela eta klima-aldaketa eraginkortasunez komunikatu dezatela. Garrantzitsua da aurrez aurre ditugun erronkak ezagutzea, eta baita benetako aurrerapena ekar lezaketen ekimen eta ekintzak ere ezagutzea. Sektore oso desberdinetako hizlariak ekartzeak ikuspuntu guztiak entzuteko aukera eskaintzen du.

Gainera, konferentzia “Klima-aldaketaren astearen” barruan egiteak bidea ematen du berokuntza globalaren arazoaren testuingurua jendaurrean azaltzeko, herritarrek benetan sentitu dezaten oso arazo hurbil-hurbila dela.

5.- Klima-aldaketa eta Berokuntza Globalari begira, zer-nolako kontzientziazio- eta hezkuntza-lana egin dezakete adituek gizartearekin, zeharkako erronkaren aurrean?

Klima-aldaketak, gure garapena oztopatzeko ahalmena izateaz gain, mehatxupean jartzen du jadanik lortu dugun garapenaren zati handi bat. Horregatik, gertatzen ari denaz eta gerta litekeenaz kontzientziatzea funtsezkoa da. Horretarako, lehenengo urratsa da irakaskuntza-lan bat egitea ikastetxeetan, gero kausa eta ondorioen dibulgazioa egitea hedabide digitaletan, prentsan, telebistan eta abar, eta, azkenik, datuak herritarrei hurbiltzera iristea. Ulertarazi behar zaie zergatik den garrantzitsua batez besteko tenperatura globala 1,5ºC-tik gora ez pasatzea, zer ondorio izan ditzakeen horrek haien eguneroko bizimoduan, eta zer gertatuko den ezer egiten ez badugu.

Halaber, garrantzitsua da kanpainak, batzarrak, konferentziak eta gisa berekoak egitea, hau da, laburbilduz, arazoa nabarmentzea eta arreta erakartzea beti izaten da lagungarria.

6.- Nola azaldu edo laburbilduko zenizkieke herritar arruntei batez besteko tenperatura globala 1,5ºC baino gehiago igotzeak izango lituzkeen ondorioak.

Oso garrantzitsua da jakitea guztiok modu batean edo bestean ukitzen gaituen zerbait dela, bizi garen lekuaren arabera. Adibidez, Euskadiko eskualderako egindako azterlan konkretuek erakusten dute tenperatura minimoak igo egingo direla neguan, eta egun izoztuen kopurua % 50 jaitsiko dela mendearen amaierarako. Orobat, udako tenperatura maximoak igoko dira mendearen amaierarako, eta euri gutxiago egingo du.

Horrez gain, baina, garrantzitsua da ondorio globalak ere ezagutzea, horietako batzuk bereziki nabarmentzekoak baitira, hala nola:

  • Uholde arriskua % 100 (tenperatura 1,5ºC igoz gero) eta % 170 (2ºC-ko igoerarekin) bitarte haziko da. Horrek, jakina, ondorioak izango lituzke gure eguneroko bizimoduan. Oso posible da gure herrialdeko eskualde batzuetan -Mediterraneoan, adibidez- euri gutxiago egitea baina euria egiten duenean uholdeak gertatzea.
  • Tenperatura 1,5ºC-tik gora igoz gero, hirietan bizi diren 400 milioi pertsonak baino gehiagok muturreko lehorteak pairatu litzakete mendearen amaierarako.
  • Artikoko izotza nabarmen murriztuko da, hainbesteraino non gutxienez 10 urtetik behin izotzik gabeko uda izango baitugu. Horren ondorioz, kostaldeko hirietako kosta-lerroa murriztu litzateke; horren adibide garbi bat Venezia hiria da, gero eta acqua altako episodio gehiago jasango bailituzke.
  • 150 milioi heriotza saihestu litezke tenperaturaren igoera hori 1,5ºC-ra mugatzen bada.
  • Koralak izango lirateke kaltetuenetako batzuk, zeren ozeanoen azidifikazioagatik guztiak galduko bailirateke 2100rako, 1,5ºC-ko muga hori gaindituz gero. Edonola ere, 1,5ºC-ra iristeak koralen % 70 galtzera eramango luke.

 

7.- Kalkulatzen da 2050 urtean munduko biztanleriaren % 70 –ordurako 9.000 milioi pertsona- hirietan biziko dela. Nola zuzendu daiteke klima-ekintza tokiko eskalatik baliabide naturalak ez agortzeko?

Hil edo bizikoa da ingurumena gehiago errespetatzen duen bizimodu jasangarriago bat hartzea. Hirietako biztanleria haziko denez, neurririk hartu ezean oso posible da kutsadura mailak igotzea. Horretarako, neurriak hartu behar dira une honetatik beretik. Hiriek izan dezaketen hazkundea planifikatu behar da, garraio publiko sustatzeko neurriak hartu eta elikadura jasangarria sustatu. Garrantzitsuena da plan bat 1. minututik diseinatzea eta martxan jartzea.

Gainera, badira norberak bere kabuz gauzatu ditzakeen ekintza “txikiak”, hala nola uraren erabilera murriztea, birziklapena praktikatzea, paper birziklatua erabiltzea, behin baino gehiagotan erabil daitezkeen produktuak berrerabiltzea, esparru naturalak ez kutsatzea, ibai, itsaso edo lakuetara zaramarik ez botatzea, edo lorategiak edatekoa ez den urez ureztatzea, beste hainbat gauzaren artean.

8.- Etorkizunean, gerta liteke Venezia moduko hiri enblematikoak urperatzea eta desagertzea, klima-aldaketaren ondorioz?

Orain dela egun batzuk, Venezia urperatuaren irudiak mundu osoan hedatu ziren: turistek San Markos plazatik ihes egiten zuten, hiriko eremu baxuena baita, maletak eskuan, zeren marea 156 cm-ko altuerara iritsi baitzen.

2008 urteaz geroztik gertatutako txarrenak izan dira: kalkulatzen da hiriaren % 70 urpean geratu zela. Garbi dago itsasgoren episodioen kopurua hazi egin dela azken hamarkadetan, eta, gainera, batez besteko marea ere gorantz joan da.

Venezia bertatik bertara pairatzen ari da klima-aldaketaren ondorioak.    Itsas mailaren igoerak eta zimenduen hondoratzeak hiri erabat urperatzera eraman lezakete azkenean.  

Izatez, gobernuak MOSE proiektua hasi zuen 2003an, hiria kokatuta dagoen aintzira babesteko xedez. Proiektuak proposatzen du 78 uhate jartzea, Adriatikotik datorren uraren sarrera blokeatzeko, horren bidez acqua alta eragozteko itsasgora handia iragartzen denean.

9.- Emakumeen lidergoak gizartea klima-aldaketarako egokitzapenaren inguruan eraldatzera zuzendutako ikuspegi bat eskaintzen du. Nola bizi duzu hori ikuspuntu profesionaletik?

Emakumeen lidergoa gero eta inpaktu nabariagoa izaten ari da gure gizartean eta gure eguneroko bizimoduan. Eta gauza bera gertatzen da klima-aldaketaren eta berari buruzko ikerketa eta dibulgazioaren alorrean. Nire eremu profesionalean, uste dut dibulgazio-lan ona egiten dugula zentzu horretan. Gauzak aldatu dira urte batzuetatik hona, eta emakumeok funtsezko rola jokatzen dugu zientziaren komunikazio eta dibulgazioan, alderdi guztietan.

10.- Zer espero du COP 24tik? Handik ateratako gogoetek elikatuko ote dituzte eztabaida eta elkarrizketa Change The Change nazioarteko konferentzian?

Akordio bat inplementatzeko premia ez da inoiz ere orain baino handiagoa izan; alde horretatik, espero dugu elkarrizketa eta adostasuna egotea herrialdeen artean, eta baita interes komun baten aldeko borroka bat –gure planetaren osasuna-, neurriak lehenbailehen hartzeaz batera. Horrela izan ezean, seguruenik ezegonkortze global bat gertatuko da, zeren herrialde guztietan izango baitu eragina. Nire ustez, horrek eztabaida eta informazioa ekarriko ditu Change The Change konferentzian.